XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Astiro eta gozatuz afaldu zuen, gero espreso bat eskatu zuen, eta zigarro pare bat erre Italiako Iparraldeari buruzko gidaliburua lardaskatu bitartean.

Hainbat gogoeta ezberdin bururatuak zitzaizkion ordurako.

Esate baterako, zer zela eta ikusi behar Zuen berak halako albiste labur bat egunkarian?

Egunkari bakarrean zetorren, gainera.

Ez, ez zuen aurkeztu beharrik harik eta halako bi edo hiru albiste, edota deigarria suertatuko zitzaion handi bat, irakurri arte.

Seguruenik ere laster argitaratuko zuten artikulu luzeren bat: beste egun batzuk pasa eta Dickie Greenleafen aztarnarik ez zela ikusten zutenean, susmatzen .hasiko ziren ezkutatzen ari zela Freddie Miles hil zuelako eta agian Tom Ripley ere bai.

Agian Margek esana izango zion poliziari bi aste lehenago Tom Ripleyrekin hitz egin zuela Erroman, baina poliziak ez zuen artean ikusi.

Orririk orri jarraitu zuen gidaliburuarekin, begiei lerratzen utziz kolorerik gabeko prosa eta estatistiken gainetik, beste pixka bat hausnartzen zuen bitartean.

Marge etorri zitzaion gogora, une hartan seguraski bere etxeko gauzak biltzen ariko zena Mongibellon, Amerikarako maletak prestatzen.

Dickieren desagertzearen berria ikusia izango zuen egunkarietan, eta Margek berari botako zion errua, hori bazekien Tomek.

Dickieren aitari idatzi eta Tom Ripley eragin gaiztokoa zela esango zion, gutxienez.

Mr Greenleafek Europara etortzea erabaki zezakeen.

Zer pena Tom Ripley bezala aurkezterik ez izatea, horri buruz lasai zitezen, eta gero Dickie Greenleaf bezala, sano eta kementsu, hala misterio txiki hori ere argitzeko.

Gehixeago sartu behar zuen Tomen paperean, pentsatu zuen.

Gehixeago makurtu, inoiz baino lotsatiago agertu, baita kareizko arrazoia zuten betaurrekoak jantzi ere, eta ahoa tristexeago eta erorixeago jarri Dickierenaren tentsioarekin kontrastatzeko.

Gerta baitzitekeen berarekin mintzatuko ziren poliziaren batzuk Dickie Greenleaf bezala ikusi zutenak izatea.

Zer izen zuen, bada, Erromako hark? Rovassini? Bere ilea henna soluzio sendoago batez tintatzea erabaki zuen, ilea normalean baino ilunago edukitzeko.